DANBORRADAREN HISTORIA
Danborrada 1919an eratu zen, lehen aldiz bere kabuz desfilatu zuenean, izan ere lehenago Musika Banda eta Danborrada formazio bakarra baitziren, “musikarena” deitzen zena.
Lehen kantinera, lehenago ere Musika Bandarekin desfilatu izan zuena, Gumersinda Etxarte Picabea andrea izan zen. Danborradak musika-errepertorio zabala du, infanteriako konpainien aldean, horiek 3 martxa baitituzte soilik: San Martzialeko Himnoa, Arrankada eta Elizako igoera.
Danborradak bere diana propioa du gainera, behin Musika Bandak bere diana amaitutakoan, San Juan plazan jotzen duena. Ondoren Arrankada izaten da; eta Tteiro Irungo banderari alardean leku egiten zaionean; Jolo Junkaleko eliza aldera jaistean; bueltan Elizako igoera jotzen da; eta gero San Martzialeko Himnoa. Horiek dira Danborradak goizean jotzen dituen martxak.
Arratsaldean berriro ere arrankada izaten da, Urdanibia plazatik abiatu, Sarjia karrikaren bukaeraraino iritsi eta San Martzial karrikan sarturik Rataplan jotzen dute, berriro ere Junkaleko elizaraino heldu arte, eta goizean bezalaxe, Elizako igoera errepikatzen dute.
Betiere salbak bota ondoren, Musika Bandak “Descarga” martxa joko du. Hirugarren fusileria-salbaren ondoren, Jeneralak, goizean bezala, Tteiro jotzen den bitartean, Hiriko ikurra entregatzeko agindua emango du; eta ekintza honekin bukatuko da Alardea. Martxa hauek denak Musika Bandarekin batera jotzen dira, egun osoan.