4. OSPAKIZUNAREN GELDIALDIA
Lehenengo Munduko Gerran (1915-1918), ez zen alarderik egin ondoko herrialdearekiko errespetuz, nahiz eta Espainiak jarrera neutroa izan gatazkan. 1919an berreskuratu zen jaia; eta Hendaiako udal ordezkariak gonbidatu zituzten (Irunen hiri mugakidea), landako mezatara. San Martzialen egin zen, borrokan eroritakoen oroigarri. Alardearekin lotutako ekitaldiak eta desfilea bera bertan behera utziko ziren beldur, munduko gatazkaren ondoren aldeko eta kontrako jarrerak baitzeuden, Irunen, EL ALARDE hamaboskaria sortu zuten. Haren helburua zen "jaia biziberritzeko kanpaina" bat egitea. Francisco Garayalde izan zen haren bultzatzaileetako bat. Pixkanaka, herriko gehiengoa jaia berreskuratzearen alde agertu zen.

Gerra Zibilaren garaian (1937-1938), ez zen egin arma-desfilea; baina bete izan zen San Martzial mendira prozesioan igotzeko konpromisoa, 1522an tropa irundarrek tropa frantziarrak garaitu izanagatik egindako botoa betetzeko. 1937an eta 1938an, ekainaren 29an, San Pedro egunean, meza nagusia egin zen. Hilaren 30ean, San Martzialen irudia eraman zuten izen bereko mendi horretara; eta han, goizeko 10:00etan, landa-meza bat egin zuten.
1939ko apirilaren 1ean guda amaitu zelarik, urte horretako ekainaren 30ean, Alardea ospatzeko tradizioa berreskuratu zen; eta lehenengo "Bakearen Alardea” egin zuten; hala deitu zioten batzuek. Konpainia batzuek bakarrik parte hartu zuten, zeren 1940 arte ez baitzen berrezarri Alardea bere osotasunean. Urte horretan, ez zen erregistratu Generalaren izendapen ofizialik; eta lehenengo aldiz, Alardean, garaiko egoera politikoarekin bat etortzeko, Espainiako errege-bandera ezarri zen. Konpainia askok arazoak izan zituzten behar adina soldadu biltzeko, esaterako, Lapitzek ezin izan zuen desfilatu; eta bere postua galdu zuen Alardearen formazioan. Egintza horrek agerian uzten du Alardearen Ordenantzak zorrotz betetzen zirela krisi garaian ere. Urte horretan, lerroetan desfilatzen zuen gizon bakoitzeko, pezeta bat ematen zuen Udalak. Bildutako kopurua konpainiako kantinerari ematen zitzaion. Gutxienez, 1901etik aurrera, jasoa dago Udalak konpainiei garaiko ekonomi mailaren arabera egiten zien “ordainketa” horren berri; izan ere, batzuetan, diruarekin ordaindu beharrean espeziekin ordaintzen baitzien konpainiei.
1944an, Irunen, Alardearen ohizko estetika aldatu nahi izan zuten, Generalaren Laguntzaileen eta Zalditeriaren uniformeak berrituz, 1921ean erre egin baitziren gordetzen ziren biltegiak su hartu zuelako; ezin izan ziren berritu ordurarte, baliabide ezagatik. Ordurarte, Alarde egunean ekainaren 29ko arma-ikuskatzean erabilitako jantzi berbera erabili zen: txaketa beltza, galtza zuriak eta zaldian ibiltzeko bota beltzak. 1972ko alardeak Aldabeko Harriko borrokaren 450. urteurrena ospatu zuen. Hiriko udalak hitzaldi-ziklo bat antolatu zuen eta “hiriko korbata” ezarri zion San Martzial Infanteriako Erregimentuaren banderari. Alardea Espainiako Telebistak eman zuen.